2005 urteaz geroztik garatzen den okupazio-programa bat da OINARRI eta Hogar Alavés elkarteak osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen gizarteratzea bultzatzeko sortutako programen esparruan kokatzen da.
Langabezia eta lan-munduaren bazterketa dira aniztasun funtzionala duten pertsona gehienek jasan ohi dituzten gizarte-desabantaila garrantzitsuenetarikoak. Exijentziak, produktibitate neurrigabeak eta lehiakortasunak, definizioz, biztanleria horren zati handi bat baztertzen dute, gehienak langabezian daude eta lan bat aurkitzeko itxaropenak murritzak dira.
Lan-bokazioa duten baliabide komunitariorik ez egotea edo desegokia izatea, eta arazo psikiatrikoei lotutako gaitzespen soziala eta estigma oztopo dira lan-kontrataziorako merkatu konbentzionalean. Langabezia-tasa handiek markatutako egungo lan-testuinguruak eragin negatiboa du pertsona horien laneratzeko aukeran.
Laneratzea funtsezko osagaia da edozein pertsonaren autonomia, independentzia eta gizarteratzea errazteko. Aniztasun funtzionala duten pertsonen kasuan, gainera, harremanak eta sare sozialak sortzeko eta talde sozial bateko partaide izateko atea ere bada. Era berean, gogobetetze pertsonala hobetzen du, garapen kognitiborako pizgarri gisa balio dezake, bizi-kalitatea eta autonomia pertsonala hobetzen ditu, eta, gainera, bizi-denbora antolatzen laguntzen du.
Faktore horiek guztiek elkarreragin konplexua dute, eta esku-hartze bereiztuak eta zehatzak eskatzen dituzte, dauden oztopoak eta arazoak modulatzeko eta murrizteko eta ekoizpen-jarduerak egiteko aukerak maximizatzeko; izan ere, urrats erabakigarria da gizartean integratzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko. Testuinguru horretan sortu zen OINARRI Okupazio Tailerra.
Honela ulertzen dugu OINARRI:
- Bokazio-okupazionaletik jaiotzen den espazioa da, eta aldi berean, pertsonak lan-mundurako prestatzeko gaitasuna du. Gure ustez, okupazioak eta eguneroko lanaren antolaketak ekarpen positiboa egiten dute pertsonen bizitzan, eta hori da gure abiapuntua. Hortik hasi ginen eraikitzen.
- Ez dugu ikusten enpleguaren helburua berreskuratze-prozesuen helburu nagusitzat; egin beharreko bide posible gisa ikusten dugu. Ez dugu ulertzen enplegua bizitzari zentzua ematen dion pizgarri bakar bezala, eta lehen lerroan jartzen ditugu pertsona bakoitzak erabakitzen dituen prozesuak, bideak eta zereginak.
- Proiektu horretan, pertsonek, bakoitzaren egoera pertsonalaren arabera, erabakitzen dute beren konpromisoa. Konpromiso malguak eta adostuak.
- Pertsonen arteko harremana ahalbidetzen eta sustatzen duen lekua da, eta elkarri laguntzea da oinarririk garrantzitsuenetako bat. Gure gizartean nagusi den indibidualismoak isolatuta eta lehiakor nahi gaitu; OINARRIn lankidetza eta ongizate kolektiboa lehenesten ditugu, egiteko modu gisa eta ongizaterako formula gisa.
- Ahalduntzeko leku bat, non autokontrola, norberaren maneiua eta autodeterminazioa sustatzen diren.
- Gaitasun anitzak dituzten pertsonek lekua duten gunea.
- Garapen pertsonalean lagunduko duten eta etorkizuneko erronkei aurre egiten lagunduko duten tresna pertsonalak sortzeko lekua.
- Berdinen arteko komunikaziorako eta erlaziorako espazio bat.